Oiartzun Burujabe

Zer da Oiartzun Burujabe?

Oiartzun Burujabe herri proiektu bat da, herriko ehun ekonomiko, sozial eta instituzionala barnebiltzen dituen egitasmoa, zibilizazio krisiaren aurrean Oiartzungo herriak proposatzen duen alternatiba praktiko bat.
Egungo eredu ekonomikoa xahutzailea eta ekologikoki jasanezina da eta ezberdintasunak besterik ez ditu sortzen. Gaur egungo ekonomia eredu nagusiaren helburuak dira kapitala metatzea eta ahalik eta etekin handiena ateratzea, zuzenean edo zeharka gizartean eta ingurumenean eragiten dituen ondorioak aintzat hartu gabe. Natura baliabideak xahutzen ari gara mugarik gabeko “desarrollismoa” bultzatuz eta, beraz, premiazkoa da trantsizio ekosozialerantz urratsak ematea eta garapen-ereduaren inguruko hausnarketa sakona egitea. Bestalde, jarduera erreproduktiboen eta, zehazki, bizitza eusteko ezinbestekoak diren zaintza-lan guztien desbalorizazioa sistemikoa da eta gure zaintza-sistema publiko zein pribatu prekario eta ankerra da horren erakusle. Eredu neoliberalak, gainera, gizartea bakantzera eta indibidualismora darama, eta horrek ondorio sozial eta psikologiko larriak dakartza: herri mugimenduak ahultzea, desmobilizazio soziala, kontsumismoa, gaixotasun mentalak, bakardadea, zorigaitza…

Horri guztiari aurre egiteko ahaleginean martxan jarri dugun Oiartzun Burujabe proiektua prozesu herritarra da. Estrategikotzat jotzen diren esparru guztiak, planifikazio komunitarioan eta kudeaketa kooperatiboan oinarrituta, herrian bertan garatzea da prozesu honekin lortu nahi dena.

Planifikazio modu berri bat

Herriari burujabetza tresnak itzultzeko bide honek gauzak egiteko beste modu bat eskatzen du. Oiartzun Burujabe prozesua, beraz, gobernantza eredu berria lortu nahi duen udalgintza egiteko modu berri bat da. Sektoreka landuko den bidea da eta mahai sektorialetan arloari dagozkion erabaki estrategikoak, taktikoak eta plangintzak erabakiko dira. Halaber, mahai sektorialetan planak aurrera eramateko beharko diren baliabideak definituko dira, kontutan hartuz bitarteko horiek herritarrek, eragile ekonomikoek edota udalak eskaini ahal izango dituztela.

Epe luzerako ikusmira eta inplikazioa eskatzen dituen proiektua da hau. Ahalduntzea bilatzen duen prozesu partehartzailea, sektoreetako profesionalak eta udaleko giza baliabideak ere inplikatuko dituena. Aberastasun ekonomikoa herritik eta herriarentzat eraikitzea bilatzen duen prozesua da, baldintza egokiko lanpostuak sortzea ahalbidetuko duena.

Hiru erpinez osatutako eredua

Oiartzun Burujabe proiektuan herritarrek, udalak eta eragile ekonomikoek parte hartzen dute, ekonomia sozialaren printzipioak oinarri hartuz. Triangelu gisa irudika daiteke, beraz, Oiartzun Burujaberen egitura:

Erpin batean herritarrak daude, elkarte edo eragileak. Herritarren parte-hartzeak bermatzen du komunitateari ahotsa eta partaidetza ematen zaizkiola, herritarrak ahaldunduz eta erabaki ekonomiko-politikoetan duten protagonismoa indartuz. Haiek dira objektu eta subjektu, lurralde garapena herritarren beharrek zehaztuko baitute, demokratikoak izango diren erabaki esparruen bidez.

Beste erpin batean udala dago. Sektore publikoak lagundu behar du eremu estrategikoen bitartekoen jabetza herritarrei itzultzen, herritar guztiek izan dezaten oinarrizko beharrak asetzeko modua. Udalaren parte-hartzearekin bermatu nahi da unibertsaltasuna, jendarte osoarentzat baliagarria den eredua izatea, herritar guztiek izango dituztela irisgarritasunerako aukera berdinak.
Azkenik, erpin ekonomikoa dago, tokiko garapenarekin konprometituta dagoen ehun sozio-ekonomikoa. Eragile ekonomikoen parte-hartzearekin bermatu nahi da prozesuan zehar sortzen den aberastasuna bertatik eraikia izango dela eta bertan geldituko dela. Ekonomia sozialaren printzipioak kontutan hartzeak bermatzen du jarduera ekonomikoak “izpiritu kooperatiboa” jarraitzen duen kudeaketa eredua bilatuko duela. Zenbait kasutan, eragile ekonomiko berriak sortuko dira, “herri kooperatibak”, gehiengoaren behar sozialak modu demokratikoan ase ahal izateko.

Burujabetzak, eraldatzaileak eta ezkerretik

Prozesu honetatik sortuko diren proiektu edota egitasmoak, baita prozesua bera ere, ezkerreko balio eta printzipioetan oinarrituko da: anitza eta transbertsala izango da, herritarren gehiengoari ekarpen materiala egingo diona eta logika/mekanismo esplotatzaileak ezabatzeko bidea markatzen duena. Trantsizio ekosoziala helburu, inguruarekiko jasangarria izango da, ikuspegi feministaduna eta botere harreman oro deuseztatzeko urratsak eman nahi dituena. Komunitatean guztiz txertatua dagoen prozesua izanik, gure hizkuntza eta kultura izango ditu oinarrian eta munduari irekia izango da herriaren aniztasuna eta aberastasuna balioan jartzeko. Halaber, Euskal Herri mailara proiektuak eskalatzeko ahalegina egingo da prozesuan zehar, antzeko logikan lanean ari diren herriekin elkarlan-aukerak aztertuz.

Orain arte egindakoari esker iritsi gara hona

Lan egiteko eredu hau ez da berria Euskal Herrian. Proiektu eta ekimen asko jarri ditugu martxan sektore askotan logika honetan oinarrituz (hezkuntzan, elikadura sektorean, energiaren alorrean, komunikabideetan…) eta, Oiartzunen ere, bide luzea egina dugu dagoeneko. Egitasmo eta proiektu ugari ditugu herrian bertan, herritar askoren inplikazioari eta parte-hartze zuzenari esker sortu direnak. Horren adibide ditugu Labore Oarso, Elika Kooperatiba, Arraztalo elkartea edota HemenGuk ekimena lehen sektorean, Argitturri Energia Berriztagarrien Kooperatiba energiaren alorrean, baita aisialdi, hezkuntza, kirol, kultur zein ongizate esparruetan antzeko logikarekin urteak martxan daramatzaten proiektuak ere.

Oiartzunen abiatu berri den prozesuak, beraz, logika hori sistematizatzea bilatzen du. Tokiko sozioekonomiaren sektore estrategikoen planifikazioa guztiz komunitarioa izatea bilatzen da eta horrek udalgintza egiteko ereduaren sakoneko aldaketak eskatzen ditu.

Guztion konpromisoa, ezinbestekoa

Esan bezala, bizitzarako beharrezkoak diren jarduerak tokian toki modu autoeratu, kolektibo eta komunitarioan planifikatu eta kudeatzea da prozesu honek bilatzen duena, herritarrak ahaldunduz, egitasmoen jabe eta partaide eginez. Konpromiso indibidual eta kolektiboa eskatzen duen prozesua da hau. Herritar edota eragile gisa gure eguneroko erabakiek garrantzia handia dute, inguruko ekonomia eraldatzeko gaitasuna dugu. Egin gaitezen gure inguruko ekonomiako erabakien jabe, gure lan eta bizitzen burujabe.